Osasun fisiko eta mentalerako… egizu dantza!

Berria egunkariak 2021eko urtarrilaren 13an argitaratutako artikulu baten laburpena duzu hau.

Adineko askok ibiltzera mugatzen dute beren eguneroko jarduera fisikoa. Oinez ibiltzea, ordea, ez da nahikoa adinekoen osasun kardiobaskularra ona izan dadin. Adinaren ‘ajeak’ arintzeko, euskal dantzek –eta dantzak, oro har– erabateko garrantzia dute (zehatz esateko, funtzio kognitibo-motorrak zaintzeko eta hobetzeko erabateko garrantzia dute euskal dantzek: adibidez, oreka landu eta erorikoak prebenitzeko).

Baina dantza ez da adinekoentzat bakarrik baliagarria, noski, guztiontzat baizik, gure adina edozein dela ere.

Arreta, oreka, egoera fisikoa, malgutasuna, indarra… hobetzeko, euskal dantzek dituzten ezaugarri ugariak primerakoak dira: erritmo desberdin asko, dantzaera piloa, pausoak eta jauziak, mugimendua, ezkerretara eta eskuinetara desplazamenduak, tokian, bueltekin, aurrera eta atzera, bikotearekin, bakarka, lerroan, borobilean...

Dantza egitearen onurak ez dira dantzariaren alor fisikora mugatzen, ez noski! Sozializatzeko eta gozatzeko bitarteko ezin hobea da dantza –gora talde-giroa eta alaitasuna!–, eta burmuinaren funtzionamendua hobetzeko balio du. Ongizatea eta erlaxazioa dakartza, gainera. Adituek eta ikerketek diote hori guztia.

Musikarekin batera koreografiak egitea baino askoz gehiago da dantza, beraz.

Irakurri artikulu osoa HEMEN.

Etiketak: